GORESPENAK
Agurra
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.
Salterioa
1 Ant. Jauna gaindegian bizkor dago, alleluia.
92 Salmoa
Errege da Jauna, jantzi da handikiro;
jantzi da Jauna, indarra dau gerriko.
Lurbirea Berak jarri dau sendo,
eta ez da kolokatuko.
Sendo dago betirik zure aurkia,
Zu betirik zara.
Ozendu dabe ibaiek, Jauna, ozendu euren ur-hotsa,
ozendu dabe ibaiek euren arrabotsa.
Ur handien hotsa baino bizkorrago,
itsas-olatuak baino bizkorrago,
Jauna gaindegian bizkor dago.
Zure autorkuntzak oso sinisgarri dira:
zure etxeari santutasuna jagoko,
Jauna, gizaldien gizaldietan.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Jauna gaindegian bizkor dago, alleluia.
2 Ant. Goragarria zara Zu, Jauna, eta aintzagarria gizaldietan, alleluia.
Kantika: Dn 3, 57-88. 56
Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.
Zeru-ganeko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
Euri eta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.
Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.
Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
santu eta bihotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.
Ant. Goragarria zara Zu, Jauna, eta aintzagarria gizaldietan, alleluia.
3 Ant. Goretsi eizue Jauna zerutik, alleluia. †
148 Salmoa
Goretsi eizue Jauna zerutik,
† goretsi gaindegitik.
Goretsi eizue Haren aingeru guztiok,
goretsi Haren gudari-talde guztiok.
Goretsi eizue, eguzki eta ilargi,
goretsi eizue, izar distizari guztik.
Goretsazue, zeruen zeruak,
eta hareen ganeko urak.
Goretsi beie Jaunaren izena,
Harek aginduz dira-ta eginak;
Berak jarri ditu beti-betiko,
legea ipini deutse eta ez da aldatuko.
Goretsi eizue Jauna lurretik,
itsas-mamu eta zokoak barruenetik;
su eta txingor, edur eta hodei,
zuk, haize-oldartu, Harek esana egiteko gai.
Mendi eta muno guztiek, igali-zugatz eta izaiek;
etxe-abere eta basa-piztia,
narrasti eta hegazti.
Lurreko errege eta herri guztiek,
handiki eta lurreko buruzagiek;
mutil eta neskato,
agure eta umetxo;
goretsi beie Jaunaren izena,
Haren izena bakarra da-ta garai dana.
Zerua eta lurra handiz gaintzen ditu,
bere herriari indar handi emoten deutso.
Bere zintzo guztien gorespena,
bere herri dauan Israelgo seme-alabena.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Goretsi eizue Jauna zerutik, alleluia.
Jainkoaren Hitza (—A—, —B—, —C—)
Ez 37, 12b-14
Horra zer dinon Jaunak: Neuk edegiko ditut zuen hilobiak, urtenazoko deutsuet zuen hilobietatik; eta eroango zaituet barriro Israelgo lurrera. Eta Nik zuen hilobiak edegitzean, eta zuen hobietatik urtenazotean, ene herri, orduan ezagutuko dozue, Neu nazala Jauna. Neure espiritua emongo deutsuet Nik, eta zuek bizi-barritu egingo zarie; eta zeuon lurrean ipiniko zaituet, eta ezagutuko dozue, Nik, Jaun Honek, esan eta egin egiten dodala —dino Jaunak—.
R/. Kristo, Jainko biziaren Seme, * erruki zakiguz. Kristo.
V/. Aitaren eskoi-aldean jesarrita zagozana. Erruki.
Aintza. Kristo.
Bened. ant.
A urtean: Erdu Neugaz, eta giza-arrantzale egingo zaituet —dino Jaunak—.
B urtean: Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu barri ona —dino Jaunak—.
C urtean: Jaunaren Espiritua neugan dago, Berak gantzutu nau-ta, behartsuei barri ona emoteko.
Lk 1, 68-79
Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbazino indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
behinola bere profeta ebazanen bidez;
salbazinoa gure arerioen menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuakaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant.
A urtean: Erdu Neugaz, eta giza-arrantzale egingo zaituet —dino Jaunak—.
B urtean: Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu barri ona —dino Jaunak—.
C urtean: Jaunaren Espiritua neugan dago, Berak gantzutu nau-ta, behartsuei barri ona emoteko.
Eskariak
Gure Aita Jaungoikoak, bere Semearen bidez, Espiritu Santua bialdu eban, bihotz guztien argi izateko; egin deiogun otoitz, ba, gure Aitari, eta esan deiogun:
Argitu, Jauna, zure herria
—Bedeinkatua Zu, Jauna, gure argia; * egizu, orain hasten dogun domeka honetan zure gorespenean bizi izan gaitezala.
—Zure Semearen biztuereaz mundua argitu dozu; * egizu, zure Eleizeak argi hori gizon-emakume guztiei zabaldu deiela.
—Espirituaren bitartez zure Semearen ikasleak argitu dozuz, * bialdu eiozu Espiritu hori zure Eleizeari, Zugaz beti zintzo ibili dadin.
—Gizon-emakume guztien argi zaran Jauna, izan gogoan, oraindino ilunpetan bizi diranak, * eta zabaldu horreen adimenaren begiak, Zu egiazko Jainko bakarra ezagutu zaiezan.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian)
Jesusi esker, Jainkoaren seme-alaba gara; horregatik bildur barik esan daigun:
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko ahalguztidun betiraunekoa, zuzendu zure gogora gure bizia; frutu on ugari emon daigun, zure Seme maitearen izenean. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.