IV. DOMEKEA
GORESPENAK
AgurraV/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.
1 Ant. Eskerrak Jaunari, Haren maitasuna betikoa da-ta, alleluia.
117 Salmoa
Eskerrak Jaunari, ona da-ta,
Haren maitasuna betikoa da-ta.
Israel-etxeak hauxe esan bei:
«Haren maitasuna betikoa».
Aaron-etxeak hauxe esan bei:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan beie Jaunaren bildur diranek:
«Haren maitasuna betikoa».
Deitu neuntsan larrialdian Jaunari,
entzun eustan eta onez atara.
Jauna dot neugaz: ez deutsat bildurrik,
gizonak egin leikidanari.
Nigaz Jauna, niri lagun egiteko,
nik etsaiak lotsatuak ikusteko.
Hobe da Jaunagana batzea,
eta ez gizakiengan uste on izatea;
hobe da Jaunagana batzea,
eta ez handikiengan uste on izatea.
Atzerri-jende guztiek inguratu ninduen:
Jaunaren izenean xehatu nebazan.
Alde guztitik jendeek inguratu ninduen:
Jaunaren izenean xehatu nebazan.
Erleek lez inguratu ninduen,
biztu ziran sua sasian lez:
Jaunaren izenean xehatu nebazan.
Gogor bultzatu ninduen jausteko,
hantxe egoan Jauna niri laguntzeko.
Nire indar eta nire kemen Jauna,
Bera suertatu da nire salbazinoa.
Poz eta garaipen-oihuak zintzoen txabolan:
«Jaunaren eskoiak bizkor jokatu dau,
Jaunaren eskoiak nau altxatu,
Jaunaren eskoiak bizkor dau jokatu».
Ez naz hilgo, bizi izan baino,
Jaunaren eginak nik oihukatuko.
Zigortu nau Jaunak, zigortu,
baina ez nau heriotzaratu.
Edegi niri zintzotasunaren ateak,
hortik sarturik emon deiodazan Jaunari eskerrak.
Hauxe da Jaunaren atea,
zintzoak sartuko dira aurrera.
Eskerrak Zuri, entzun nozulako,
salbazino suertatu zaiatazalako.
Etxegileek baztertutako harria,
berori suertatu da giltz-harria.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri.
Hauxe da Jaunak egin dauan eguna,
gu poztutzeko eta alaitzeko eguna.
Emon, Jauna, salbazinoa,
emon, Jauna, zoriona.
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena,
bedeinkatzen zaituegu Jaunaren etxean.
Jainkoa da Jauna,
guri argi egin deuskuna.
Antolatu eizue jente-lerroa
abar-hostoak eskuetan dabezala,
altarearen ertzetaraino doazala.
Zeu zara nire Jainko,
eskerrak emoten deutsudaz;
ene Jainko, goresten zaitut.
Eskerrak Jaunari, ona da-ta,
Haren maitasuna betikoa da-ta.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Eskerrak Jaunari, Haren maitasuna betikoa da-ta, alleluia.
2 Ant. Alleluia, Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Kantika: Dn 3, 52-57
Bedeinkatua Zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa:
aintza ta gorespen Zuri gizaldietan.
Bedeinkatua zure izen santu eta aintzagarria:
aintza ta gorespen Berari gizaldietan.
Bedeinkatua Zu, jauretxe santu eta aintzagarrian:
aintza ta gorespen Zuri gizaldietan.
Bedeinkatua Zu, zure erreinuko aurkian:
aintza ta gorespen Zuri gizaldietan.
Bedeinkatua Zu, kerubin-gainean jesarrita,
lezak ikusten dozuzana:
aintza ta gorespen Zuri gizaldietan.
Bedeinkatua Zu, zeru-sabaian:
aintza ta gorespen Zuri gizaldietan.
Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Alleluia, Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
3 Ant. Arnasa dauan guztik Jauna bei goretsi, alleluia.
150 Salmoa
Goretsi eizue Jauna bere jauretxean,
Goretsi eizue bere zeru ospetsuan.
Goretsi eizue, Berak egin-lan handiakaitik,
Goretsi eizue bere handiaren handiagaitik.
Goretsi eizue turutaren hotsez,
Goretsi eizue salterioz eta kitar-hotsez.
Goretsi eizue zaldabai eta dantzarekin,
Goretsi eizue zurda-soinu eta txistuarekin.
Goretsi eizue txilin ozenekin,
Goretsi eizue txilin alaiekin.
Arnasa dauan guztik Jauna bei goretsi.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Arnasa dauan guztik Jauna bei goretsi, alleluia.
Jainkoaren hitza (—A—, —B—, —C—)
Jdt 8, 21b-23
Gogoratu eizu Jesu Kristo Jauna, Dabiden odolekoa, hilen artetik biztua. Benetako hitza: Haregaz hiltzen bagara, bizi ere, Beragaz bizi izango gara; nekeetan irauten badogu, errege ere izango gara Haregaz; ukatzen badogu, Harek ere ukatu egingo gaitu; gu leialak ez bagara, Ha beti izango da leial; ezin dau-ta bere burua ukatu.
R/. Ospatzen zaitugu, Jauna, ospatzen, * zure izena dogu zabaltzen. Ospatzen.
V/. Zure mirariak adierazten. Zure.
Aintza Aitari. Ospatzen.
Bened. ant.
A urtean: Zorionekoak, bihotzez garbi diranak; eurek ikusiko dabe-ta Jaungoikoa.
B urtean: Bedeinkatua Jesus Nazaretarra, Jaungoikoaren Santua, agertu eta bere herria askatu dauana.
C urtean: Jesusek hauxe esan eutsen bere herritarrei: Ez da profetarik, bere herrian ondo ikusia danik.
Lk 1, 68-79
Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbazino indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
behinola bere profeta zituenen bidez;
salbazinoa gure etsaien menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant.
A urtean: Zorionekoak, bihotzez garbi diranak; eurek ikusiko dabe-ta Jaungoikoa.
B urtean: Bedeinkatua Jesus Nazaretarra, Jaungoikoaren Santua, agertu eta bere herria askatu dauana.
C urtean: Jesusek hauxe esan eutsen bere herritarrei: Ez da profetarik, bere herrian ondo ikusia danik.
Eskariak
Jainko ahalguztidunak maite gaitu, eta badaki zer behar dogun; otoitz deiogun, ba, esanez:
Gora Zu; Zeugan dogu uste ona.
—Bedeinkatua Zu, Jainko guztiz ahaltsu, zeru-lurren errege, bihurri eta pekatari garanok egiaren argitara deitu gaituzulako; * egizu, santu eta zuzen zerbidu zaiguzala.
—Zure errukiaren atea zabaldu deuskuzun Jauna, * egizu, behin be ez gaitezala aldendu bizira daroan bidetik.
—Egizu, gaur zure Seme guztiz maitearen biztuerea ospatzen dogunok, * egun hau bihotz alaiz igaro daigula.
—Emon, Jauna, zure fededunoi, otoitzerako eta gorespenerako gogoa, * non-nahi eta beti Zuri eskerrak emon deizuguzan.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).
Kristo berbiztuaren Espirituak eraginik, hurreratu gaitezan orain guztiok Jainkoagana, Haren egiazko seme-alaba gara-ta, eta esan deiogun:
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Egizu, Jainko gure Jauna, Zu bihotz-bihotzez maitatu zaiguzala, eta gizaki guztiak geure burua lez maite daiguzala. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.