GORESPENAK
Agurra
V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.
Salterioa
1 Ant. Goizetik bilatzen zaitut, ene Jainko, zure ospea eta indarra ikusi nahian, alleluia.
62 Salmoa
Jainko, neure Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut,
zeure egarriz daukat gogoa,
zeure irrikaz haragia,
lur idor, egarri, ur barik dirudi.
Egona nozu Zuri begira jauretxean,
zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
ezpanok zure goralpena egingo dabe.
Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
jasoko ditut eskuok zure izenean.
Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.
Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
Zeu gogoratzen zaitut gauean.
Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
zure eskoiak eutsita nago.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Goizetik bilatzen zaitut, ene Jainko, zure ospea eta indarra ikusi nahian, alleluia.
2 Ant. Hiru gazteek, su-garrez inguraturik, bihotz batez kantatzen eben: Bedeinkatua Jauna, alleluia.
Kantika: Dn 3, 57-88. 56
Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.
Zeru-ganeko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.
Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.
Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
santu eta bihotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.
Ant. Hiru gazteek, su-garrez inguraturik, bihotz batez kantatzen eben: Bedeinkatua Jauna, alleluia.
3 Ant. Alaitu beitez Siondarrak euren erregeagan, alleluia.
149 Salmoa
Kanta Jaunari kantu barri,
haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
Poztu bedi Israel bere Egileagan,
alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.
Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
Maite dau-ta Jaunak bere herria,
umilak ditu garaipenez jantziak.
Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;
atzerriengandik mendekua hartu daien,
herriak zigortu daiezan;
hareen erregeak lotu daiezan katez,
hareen handikiak, burdin-uztaiez.
Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Alaitu beitez Siondarrak euren erregeagan, alleluia.
Salbamena, aurkian jesarrita dagoan gure Jainkoarena da, eta Bildotsarena. Bedeinkapena, aintza eta jakituria, esker ona eta ospea, ahalmena eta indarra gure Jainkoarenak dira, gizaldi eta gizaldietan. Amen.
R/. Kristo, Jainko biziaren Seme, * erruki zakiguz. Kristo.
V/. Aitaren eskoi-aldean jesarrita zagozana. Erruki.
Aintza. Kristo.
Bened. ant. (Ospatzen dan domekakoa)
Bedeinkatua Jauna, Israelgo
Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbazino indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
behinola bere profeta zituenen bidez;
salbazinoa gure etsaien menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. (Ospatzen dan domekakoa)
Eskariak
Goretsi daigun Kristo Jauna, gure egun-argia eta zuzentasun-eguzkia, Berak egiten deutse-ta argi gizaki guztiei, eta esan deiogun:
Zeu zara, Jauna, gure bizia eta salbazinoa.
—Eskerrak Zuri, Jauna, emon deuskuzun egun barri honegaitik: * zure biztuerearen oroipenak poztu gaizala domeka honetan.
—Zure Espiritu Santuak erakutsi deigula zure nahia betetzen, * eta zure jakituriak zuzendu daizala gure egintzak.
—Iguzu, Jauna, domekako Eukaristia ospatzeak pozez bete gaizala, * eta zure hitzaren eta zure Gorputzaren mahai-inguruan sendotu daitela gure itxaropena.
—Eskerrak Zuri, Jauna, egin eta emon deuskuzuzan ondasun guztiakaitik: * egizu, egun guztian bizi izan gaitezala esker onez.
(… isil unea, bakotxak bere
eskaria egin ahal izan daian)
Esan daigun orain danok alkarturik Jaunak Berak erakutsi euskun otoitza:
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.
V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.