GORATZARREAK

OTOI DEZAGUN JAINKOA

Otoi dezagun Jainkoa 
argia sortzen denetik,
egun hontako lanetan
zaindu gaitzala gaitzetik.

Hezi dezagun mingaina,
auzitan nahasi gabe;
huskeriak ikustetik
begia dezagun gorde.

Dezagun bihotza garbi,
ibil gaitezen zentzunez;
bidera ditzagun grinak,
neurriz jan eta edanez.

Horrela, argia hil eta
jausten denean iluna,
bizitza zintzo ta garbiz
goraipa dezagun Jauna.

Ospe Jaungoiko Aitari
Seme Jainkoaz batean,
Gogo Guren Jainkoari
orobat betierean. Amen.

 

ARGI-EMAILE

Argi-emaile txit distiratsu, 
zure argia heldu da;
gaua hil eta egun berria
zabaldua da mundura.

Zatoz, guztien egile zeran
Aitaren dirdai argia,
zure grazia galtzeak dakar
gure ikara larria.

Bizi beharrak bere dituen
munduko zereginetan,
okerrik gabe gaitezen bizi
Zuk jarritako legetan.

Gure otoitzak hau du uste on,
hau du gogoko opari:
gauean ere egun argia
dakidigula gidari.

Bekizu aintza, Kristo Errege,
bekio Aitari ere;
Biengandik den Gogo Deunari
aintza beraz mendez mende.
Amen.

 

EGUN BERRIA

Egun berria sortu denetik, 
Kristoren grazia lagun,
loaz geroko lehen-ahotsez
Jainkoa gora dezagun.

Kristoren bidez sortu bait ditu
gau-egunak egileak;
elkarren urren gerta daitezen
ezarri die legea.

Zu fededunen zinezko argi,
zu lege zaharraz gaindi,
gauak itzaltzen ez zaituena,
betiko argitan argi.

Iguzu, Aita, egun honetan
bizi gaitezen zintzorik,
Kristok esanak gogoz eginez
Espirituaz beterik. Amen.

 

HALA ESAN ZUEN HASERAN JAUNAK

Hala esan zuen / haseran Jaunak:
«Izan bedi argia!»
Eta horra izaten / hasi lehen-argia.


Eta ikusi / zuen Jainkoak
onak zirela / gauza guztiak.
Alleluia!


Hala esan zuen / Jaungoiko Jaunak:
«Izan bedi ortzia!»
Eta horra zabaldu / zerupe biribila.

Hala esan zuen / Jaungoiko Jaunak:
«Sor bitez itsasoak,
eta ager daitezela / lurraren oinarriak!»

Hala esan zuen / Jaungoiko Jaunak:
«Erne bedi belarra,
eta bekarzki lurrak / hazia eta uzta!»

Hala esan zuen / Jaungoiko Jaunak:
«Argi bedi ortzia,
eta bitez eguzki, / ilargi eta izar!» 

Hala esan zuen / Jaungoiko Jaunak:
«Sor daitezela bar-bar
arraiak itsasoan, / hegaztiak airean!»

Hala esan zuen / Jaungoiko Jaunak:
«Dagigun gaur gizona
gure antzeko eta / gure iduri dena!»

Eta Jainkoak / jai egin zuen
zazpigarren eguna,
eta gizonak darrai / Jainkoak asi-lana.

 

ERAIKIA DAGO

Eraikia dago, / eraikiz dijoa 
denok inguratzen / gaituen hiria;
geu gaitu hiriak / bere osagarri,
funtsetan darama / gizonon antsia.

Bizitza bat-bera / daukagu gizonok;
sendo bezainbat hor / gaituzu kolokan.
Bizi dugu kezkak / duen gazi-geza,
bakearen alde / gabiltza borrokan.

Bai ote hiririk / heriorik gabe?
Eta gizarterik /ilunperik gabe?
Eguzki-argirik /beharko ez duen
zorion-hiri bat / sortzerik bai ote?

Jaungoikoak dio: /«Gizonen artean
hona etxola Nik, / herritar nakien.
Txukatuko diet / negar-malko oro;
herio-saminik / ez dute izanen».

Hiri berriaren / oinarri Kristo da.
Eraiki dezala / gure gizartean
Jerusalem berri, / «bakearen hiri»,
elkartasunezko / maitasun betean.

 

ARGIAREN SEME

Argiaren seme eta / egunaren oinordeko,
abia gaitezen denok / Jaunarengana goizean,
uxatu ditu goiz-albak / gure baitako ilunak,
eta poz-aldi betea / sortu digu bihotzean.

Aintzaren Aita Jainkoak / argi ditzala goi-argiz
gure begion itzalak, / ikusaraziz bidea;
azken-orduan dezagun, / Seme Nagusia-baitan,
eskuratu guretzako / utzi zuen ondarea.

Ospe zuri, aintza zuri, / zeruko Aita Jainkoa,
Jesu Kristo zure Seme / bitarteko harturikan,
argi guztien dohai den / Espiritua gogoan,
zurekin bat bizi bait da / mende guztien mendetan.

 

ANAIA EGUZKIAREN ERESIA

Gorengo, ahalguztidun, Jaun onbera, 
zureak dituzu gorespenak, aintza, ospea
ta bedeinkapen dena.

Zuri dagozkizu bakarrik, gorengo Jauna,
eta inun ez da gizonik zu aipatzeko dina. 

Goratua zaitez anaia jaun eguzkiagatik, ene Jauna,
dirdai aundiz diztiratsu argitzen du eguna;
zurea, goi-goiko Horrena, darama itxura.

Goratua zaitez, ene Jauna,
arreba ilargia ta izarrak direla-ta,
argitsu, bitxi ta eder daduzkazu
zeruan jarrita.

 Goratua zaitez, ene Jauna, anaia haizeagatik,
aire ta laino, oskarbi eta edozein girogatik;
bere bidez ematen diezu sorkariei jan-edanetik.

 Goratua zaitez, ene Jauna, arreba uragatik;
txit onurakor, umil, bitxi eta garbi delarik.

Goratua zaitez anaia suagatik, ene Jauna,
bere bidez argitzen duzu gaua;
eta ederra da, alaia, sendoa ta indarduna.

 Goratua zaitez, ene Jauna, gure arreba ama-lurragatik;
berak mantentzen gaitu eta bera dugu gidari,
lore polit belarrekin fruitu asko dakarki.

Gora ta bedeinka ene Jauna,
eskertuta apaltasun haundiz Hura zerbitu.

Goratua zaitez, ene Jauna,
ta zure maitasunarren eman barkamena
onez hartzen dutenengatik gaixo ta estuasuna.

Zorionekoak, horiek bakez sufri baditzate,
Zuk, gorengo Horrek,
koroatuak izango bait dirade.

Goratua zaitez, ene Jauna,
gorputzeko gure arreba heriotzagatik;
bizitan ezin dezake gizonek ihes egin harengandik.
Oi, pekatu larritan hil daitezenak errukarri!

Zorionekoak
zure nahi txit santuan aurki ditzanak,
ez bait die gaitzik egingo heriotza bigarrenak.

Goraipa ta onetsi, ene Jauna,
ta eman eskerrak
eta serbi ezazue apaltasun haundiz.

 

ZABAL, OTOI, JAUNA

Zabal, otoi, Jauna, / nere begiak, 
ikus ditzaten
zure bihotzaren / miragarriak.

Bide-bazterrean / bait nago itsu,
senda nazazu:
Zu, nere Jauna, Zu / ikus zaitzadan.

Zabal, otoi, Jauna, / nere eskuak:
Beude zabalik,
ta piztu bitzate / bihotz aulduak.

Gaitz guztien gaindi, / noan Zurekin;
har ni eskutik,
gurutzera ere / joan ahal nadin.

Zabal, otoi, Jauna, / nere bihotza,
entzun dezadan,
behartsuen deian, / Kristoren boza.

Askorentzat, Jauna, / Zu hila zaude;
egon nerekin;
inoiz gal ez nadin / pitz nigan fede.

 

JESUS, MUNDUKO ARGIA

Jesus, munduko Argia,
Jesus, zinezko Egia,
Jesus, betiko Bizia.

Jesus, Jainko Gizona!
Zuri, gure bizia;
hartu, gure Jaun ona,
gu geraden guztia.

Gure bihotz-barruan
piztu zure argia;
gaitezen gu munduan
Argi Jainkoz betia.

Etxeetan, errietan
izan denen Nausia,
guztiok zure baitan
dezagun poz bizia.




Lehenengo Domekea